LIBRECON-EN ONLINEKO FORMATU BERRI ARRAKASTATSUAK 1.300 BISITARI BAINO GEHIAGO IZAN DITU.

ESLE eta ASOLIF antolatzaileek nabarmendu dutenez, aukera handia dute gaur egun software libreko enpresa teknologikoek, gure herrian enplegua eta garapena sortzen dituztenek.
Euskadin, IKTko 25.000 langile daude, software librea eta teknologia irekiak erabili, ezarri eta garatzen.

Bilbo, 2020ko azaroaren 13a. Libreconek 1.300 bisitari baino gehiago lortu ditu Bilboko Euskalduna Jauregitik streaming bidez egindako azken edizioan. Edizio erabat berritua izan da, eta online. Antolatzaileek (ESLE-Euskadiko teknologia libreko eta ezagutza irekiko enpresen elkarteak eta Asolif Espainiako federazioak) adierazi dutenez, edizioak «aurreikuspenak gainditu ditu». «Kopuruengatik ez ezik, oso hitzaldi iradokitzaileak eman dituzten hizlarien mailagatik ere», azpimarratu du Iker Sagasti Libreconeko edukien arduradun eta ESLEko zuzendaritza-batzordeko kideak.
Ekitaldia asteazkenean egin zen, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta SPRI Taldea-Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du. Eta agerian utzi du teknologia irekiak erabiltzeak digitalizazio-prozesuak bizkortzeko aukera ematen duela, egungo egoeran.
Jardunaldian zehar, 23 hizlarik, horietako batzuk nazioartekoak, hartu zuten parte, eta pandemiaren egungo testuinguruan software librearekin lotuta izandako esperientzien eta kasu arrakastatsuen berri eman zuten. Hona hemen edizio honetan jorratu diren gai nagusiak: berrikuntza Administrazio Publikoan; lana antolatzeko eredu berriak, telelana eztabaidaren ardatz harturik; open konponbideak sartzea 4.0 industrian; urrutiko hezkuntzan hezteko erronka; software libreko tresnak eta plataformak; eta zibersegurtasuna, erakunde, enpresa eta, oro har, herritarrak kezkatzen dituen gaia.
Enrique Rodalek eta Monica Vallek aurkeztuta, Libreconek agerian utzi du software librea garatzen duten enpresa teknologikoen sektoreak «osasun ona» duela; besteak beste, kalkulatu da % 15-20ko hazkundea izango duela. «Enplegua sortzeko gune bat gara, eta uste dugu Administrazio Publikoei software librearen aldeko apustua egin dezaten eskatzeko unea iritsi dela, tokiko ekonomia garatzen eta subiranotasuna handitzen laguntzen duelako sektore kritiko batean, hala nola teknologian», azpimarratu du Sagastik ekitaldiaren amaieran.
2.000 enpresa teknologiko baino gehiago daude Euskadin, eta, kalkuluen arabera, haien % 80k software librea erabiltzen du; hau da, IKTko 25.000 langile inguruk erabili, ezarri eta garatzen dituzte software librea eta teknologia irekiak.